Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeaz

   
Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeaz

Orain dela ia lau hilabete agertu ginen hemen bertan, eta atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruko gure proposamena eta konpromisoak aurkeztu genituen. Gaur aurkeztu nahi dizuegu ordutik hona egin dugun gure lehenengo balantzea.

Hilabete hauetan buru belarri aritu gara gai honekin. Alde batetik gure proposamena aurkezten aritu gara eragile ezberdinei (alderdiak, sindikatuak, udaletxeak, Eusko Legebiltzarra, Hezkuntza Saila, hedabideak …). Oraindik ez dugu amaitu aurkezpen fase hau, eta sindikatu eta eragile gehiagorekin biltzea aurreikusten dugu, etorkinen elkarteak barne. Esan dezakegu, orokorrean, gure proposamena ezagutarazi dugula gizartean. Eta aurkezpen guztietan adierazi dugu gurea proposamen bat dela, ez dela errezeta hutsezin bat, apaltasunetik egindako ekarpen bat dela eta irekita gaudela besteren batek egindako proposamenak aztertzeko.

Gure proposamenean nagusiki bi motatako neurriak aurkeztu genituen: batzuk “etxera” begira, ikastolen mugimendura begira, eta beste batzuk kanpora, nagusiki administrazioari begira. Beraz, bi lanketa mota ipini genituen mahi gainean.

Lau hilabete hauetan oraindik argiago geratu zaigu ideia bat, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea herri apustu bat da, eta, herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arazoari aurre egiteko; hau da, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugu horretan.

Goazen, orain, zehaztera lau hilabete hauek eman dutena.

Lehenengo eta behin, datuetara joko dugu. Aurrekoan Eskolatze Batzordeen funtzionamenduan irizpideak aldatzea ezinbestekoa zela aldarrikatu genuen, lehen pauso  garrantzitsu bat zela egoerari buelta emateko. Gaurko egunez, zera baieztatu dezakegu, aldaketa bat nabaritzen ari garela, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea gero eta modu orekatuagoan egiten ari da Eskolatze Batzordeen irizpide aldaketa hori dela-eta, nahiz eta oraindik ere puntu beltz batzuk egon badauden.

Ikastoloi dagokigunez, aurreko ikasturte osoan Eskolatze Batzordeetatik 250 ikasle bideratu zizkiguten. Aurtengo ikasturtean, azaroaren 31 arte, 500 ikasle jaso ditugu, eta egun 600 baino gehiago ditugula baieztatu dezakegu. Progresio honi eutsiz, ikasturtea amaitzerako atzerritar jatorriko 900 ikasle berri izango ditugu ikastoletan, iaz baino %300 gehiago. Datuok ikusita, gure ikastoletako argazkia aldatzen ari dela ikusten dugu, eta poztu egiten gaitu, oraindik legozkigukeen kopuruetara iritsi ez garen arren, aurten salto garrantzitsu bat ematera goazelako, gure ikastolak gure gizartearen aniztasunaren isla izan daitezen nahi dugulako.

Datu orokor batzuk ere eskuratu ditugu. Datuon arabera, hau zen azaroaren 31 inguruko argazkia:

    4.500 ikasle inguru bideratu dituzte Eskolatze Batzordeek.
    Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan itunpeko sarera, hurrenez hurren, ikasle horien %36 eta %32 inguru igorri dituzten bitartean, Araban %10 inguru igorri dituzte.

Datu hauetatik hiru ondorio nagusi atera daitezke.

    Lau hilabeteotan ia 4.500 ikasle matrikulatu dira epez kanpo. Gogoratu, iazko ikasturte osoan 4.320 izan zirela, eta datorren ikasturterako oraindik gehiago izango direla espero da. Herri ikuspegitik, denok azterketa sakona egitera behartzen gaitu honek, herri kohesionatu bat eraiki nahi badugu politika espezifikoak egitera eraman behar gaitu.

    Eskolatze Batzordeen politika aldatzen ari da, eta aurreko urteetan ez bezala, gaur egun ikasle gehiago bideratzen ari dira itunpeko sarera, nahiz eta oraindik desoreka egon badagoen.
    Arabako egoera oso bestelakoa da gure datuen arabera. Eskolatze Batzordeek ikasleen %91 sare publikora bideratu dituzte, eta horietatik gehienak oso ikastetxe gutxi batzuetara. Zergatik? Guk ez daukagu erantzunik, bakoitzak atera ditzala ondorioak. Guk ere galdera ikur asko ditugu. Gasteizen, adibidez, azaroaren 31ko datuen arabera, zergatik bideratu dituzte bi ikasle soilik Armentia ikastolara? Zergatik, berriz, 408 ikasle sare publikora? Zergatik lau ikastetxe publikotara 230 ikasle bideratu dituzte, eta horietako batek, irizpiderik aldatzen ez bada, ikasturte amaierarako ehun ikasle edo gehiago jasoko ditu? Zergatik izan da posible irizpide aldaketa beste lurralde batzuetan, eta Gasteizen ez?

Askok ez zioten neurri honi, Eskolatze Batzordeek irizpideak aldatzeari, behar zuen garrantzia eman, baina datuak oso zehatzak dira, aldaketa sakona ematen ari da eguneroko argazkian, eta bidea hori dela uste dugu.

Bestalde, behin baino gehiagotan leporatu digute gelak betetzen ditugula gure ikastoletan atzerriko jatorria duten ikasleak ez onartzeko. Datuek berriro ere ezeztatu egiten dute baieztapen hori, gure sarean garaiz kanpo matrikulatutako ikasle kopururik handiena ikasturte hasieratik gelak beteta zituen ikastola batek jaso baitu; Bilbokoa da, eta 40 ikasle jaso ditu, eta tokia egin die, gainerako ikastetxe guztiak bezala behartuta dagoelako jasotzera, eta jaso egin nahi dituelako.

Eskolatze Batzordeetan hezkuntza eragileen parte-hartzea eskatu genuen. Orain, irizpide aldaketa hau nagusitzen ari dela ikusita, helburuari eutsiz berregingo dugu proposamena: Eusko Jaurlaritzak Berme Batzorde bat osatzea aurreikusi du; espero dugu bere asmoa izango dela hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin martxan jartzea. Hala bada eta batzorde hori hilero biltzen bada, uste dugu zenbait herri edo eskualdetan ikasleen banaketan gerta daitezkeen desorekak konpontzeko aukera izango duela.

Gure mugimenduari dagokionez, orain gure erronka da, alde batetik, ikastoletara heldu diren eta heltzen ari diren atzerriko jatorria duten ikasleei erantzun egokia ematea, eta, bestetik, haiek hurrengo ikasturteetan ere gure ikastoletan geratzea. Horretarako, bi lanketa egiten ari gara: lehena harrera eta hizkuntza planak garatzea da; eta bigarrena, beka sistema propio bat eratzea.

Duela urte batzuk garatu genituen gure ikastoletako harrera planak. Plan horiek, ordea, beste testuinguru batean garatu genituen eta horiek errealitate berrira doitzeko lanetan ari gara. Garbi izan behar dugu epez kanpo matrikulatzen diren ikasleen gelaratzeko prozesuak zein urrats eskatzen dituen, eta horiek horrela betetzen direla ziurtatzea dagokigu. Horretarako birlantzen ari garen Harrera Plan Integralak bost ardatz ditu: Ikaslearen hasierako harrera, aurre-ebaluazio integrala, kokapena eta hizkuntza trataera, familiarekin harremanak eta, bukatzeko, eskolatze prozesuaren ebaluazioa. Hauen artean kezka berezia hizkuntzen trataerarekin dugu; badaude Madrilen eta Katalunian esperientzia batzuk (aulas de enlace deiturikoak) sakon aztertzen ari garenak eta aktore guztien inplikazioa beharko dituenak.

Honekin guztiarekin batera ikasle guztiekin inklusibitatea lantzeko unitate didaktiko bat egiten ari gara, gure material guztiari zabaldu nahi dioguna. Era honetara, aniztasuna lantzeko behar den tresna izango dugu.

Ekonomia alorrean, behar ekonomiko berezia duten ikasle guztientzako beka proiektu bat garatzen ari gara ikastola guzti eta bakoitzarentzat erreferentzia izan dadin. Urrian esan genuen bezala, ikastola gehienek dituzte euren beka sistemak, berariazkoak edo gordeagoak, baina uste dugu beharrezkoa dela talde koherentzia ematea sistema horiei guztiei, eta zenbait kasutan garai berriotara egokitzea, premia duten familientzako ezagunago egitea, arinagoak, eskuragarriagoak … hori bai, betiko izpirituari eutsiz, hau da, kuotak ordaintzerik ez duten familiek ikastoletan jarraituko dute gainerakoen elkartasunari esker.

Urrian azpimarratu genuen atzerriko ikasleen eskolatzean eta herriratzean udalen egitekoak ere garrantzia handia duela. Zenbait udaletako harrera planak aztertu ditugu, Bermeokoa bereziki, eta gero eta argiago daukagu, herrietatik, batez ere herri txiki eta ertainetatik, ikasle hauen harrera integral eta orekaturako ekimen eredugarriak atera daitezkeela. Horregatik, udalerri guztiei dei egiten diegu bide horretan jarrita dauden udalen urratsei jarrai diezaieten, behar beharrezkoa delako guztien inplikazioa.

Azkenik, herri apustu honek ildo zuzenetik pausoak aurrera emateko neurriez eta hezkuntza eragileen eta erakundeetako ordezkarien konpromisoaz gain, baliabide ekonomiko handiagoak behar ditu hezkuntza sistema osoarentzako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzearen gaineko diagnostikoa eta gaiari heltzeko neurri berriak aurkeztu zituenean, adierazi genuen proposamen hartan biltzen ziren neurri guztiak aurrera ateratzeko baliabide ekonomiko gehiago behar zirela. Gaur berretsi egiten dugu hori, are gehiago ikasturte honetan ikusten ari garenean (eta dirudienez hurrengoan ere hala gertatuko da) atzerritar jatorriko ikasleen kopurua esponentzialki hazten ari dela.

Ikastolen Elkartea

Share/Save